XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Errepublikaren Konstituzioak ez zuen inolaz ere horrelakorik onartzen.

- Konstituzioari eginiko erreferentziak kendu eta sendotu egin zuen eredu konfederala.

- Udalen kargu geratu zen autonomia-prozesua eta egiteko horretatik kanpo geratu ziren Batzorde Kudeatzaileak. Lehenak kopuru handian zeuden indar eskuindarren kontrolpean, eta bigarrenak ezkerrenean.

- Euskal aginte zentrala orduan eta ahulagoa zen eta Estatutuak guztiz zehazten zituen kasuetan baizik ez zituen ahalak, izugarri indartu baitzen Diputazioen papera.

Lizarrako Batzarra (1931-VI-14).

Eusko Ikaskuntzaren proiektua Euskal Herriko pertsonalitate eskuindarrek eta ezkertiarrek kontsentsuan hitz harturiko testua izan zen.

Lizarrakoa, ordea, eskuindarren proiektua zen bete-betean.

Lizarrako proiektua alderdikaria zen berez, haren erredakzioan eskuindarren ordezkariek baino ez baitzuten parterik izan.

EAJ eta Comunión Tradicionalista nabarmendu ziren bereziki prozesu hartan; indar haiek beren guztizko hegemonia politikoa saiatu ziren bermatzen eta, horretarako, demokraziatik kanpo zeuden bitarteko batzuk hauteskunde-molde tradizionala eta inmigranteak botorako eskubiderik gabe uztea esate baterako aplikatu nahi izan zituzten.

Estatutu-proiektu hau izan zen EAJ eta Comunión Tradicionalista alderdien arteko koalizioaren oinarrizko programa 1931ko hauteskundeetan eta emaitza onak eman zizkien.

Baina, ezkerrak aurka zituen neurrian, proiektu hark ez zuen etorkizunik, Gorteetan onartu behar zelako; gainera, Errepublikaren Konstituzioaren kontrako proiektua zen goitik behera, estatuaren eta Vaticanoaren arteko harremanen inguruko arazoaz gainera, baziren beste ezadostasun garrantzitsu batzuk: bideratu nahi zen hauteskunde-moldea, inmigranteen botoaren inguruko asmoa, estatuaren eta Euskal Herriaren arteko harremanei eman nahi zitzaien izaera konfederala eta, konfederazio horren arabera, bi administrazioen artean bideratu nahi zen ahal-banaketa.

Arazo horietaz gainera, ez zen Konstituzioak autonomiara heltzeko aurreikusi zuen prozedura errespetatzen, ez baitzen Euskal Herriko biztanle guztien botoen bidez onartuko.

3. Batzar Kudeatzaileen proiektua

Eskuinaren ekimen horri aurka egin nahirik, bere proiektua prestatu zuen ezkerrak Batzorde Kudeatzaileen, hau da, Diputazioen ordezko erakundeen, bitartez.

Gehiengoa zuen ezkerrak Batzorde haietan.

Proiektu hartan nabarmendu beharreko lehen ezaugarria izan zen, hain zuzen ere, Konstituzioak aurreikusitako prozedura errespetatzen zuela: Batzordeek proiektua prestatu, udalek onartu, herriak botoen bidez berretsi eta, azkenik, Gorteek onartu.

EAJ alderdiak bide hori onartu zuen, baina Comunión Tradicionalistak ez, autonomia-galdea Errepublikaren aurkako oposizioa indartzeko modua baizik ez baitzen haientzat.

Halatan, berehala itzali zen autonomiaren aldeko su hura, EAJk Batzordeen bidea onartu eta gero.

Bi testu prestatu zituzten Batzordeek.

Aintzat hartu ziren lehenean lau lurraldeak baina, 1932ko ekainaren 19an Iruñean eginiko bilkuran, udal nafarren gehiengoak aurkako botoa eman ondoren, beste testu bat prestatu zuten Nafarroari eginiko aipamen guztiak bazterrean utzi eta gero.

Aurkako boto horren erantzule nagusiak izan ziren karlistak, beraien esku baitzeuden Nafarroako udal gehienak.

Bigarren proiektua, 1933ko abuztuaren 6an onartu zuten Araba, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek Gasteizen eginiko bilkuran, eta erreferendumean berretsi zuten hiritarrek 1933ko azaroaren 5ean.

Testu berria luzea eta xehea zen, 53 artikulu guztira.

Hartan ez zen Euskal Estatuaren aipamenik egiten, Euskal Herria baizik ez, Konstituzioaren araberako lurralde autonomo bat.

Bertan behera geratu ziren inmigranteen diskriminazioak.

Parlamentu eta gobernu amankomun bana izango ziren eta, aintzat hartzen ziren arren, lurralde mailako instituzioek amankomunak baino aginte-maila apalagokoak izango ziren; hau da, bertan behera geratzen zen eredu konfederala.

Parlamentuko kideak guztien botoen bidez aukeratuko ziren, zuzeneko eta isilpeko botoaren bidez hain zuzen ere, eta paralamentua eratzeko sistema bitarikoa izango zen: diputatuen erdiak kopuru berean aukeratuko ziren hiru lurraldeetan eta beste erdiak euskal lurraldeak hartuko zituen hauteskunde barruti bakar batean; sarrera egin zitzaion, honenbestez, pertsona mailako irizpide bati, albo batean utziz lurraldea.

Parlamentuak hautatuko zuen euskal gobernuko burua Auzitegi Gorena ere aurreikusi zen proiektua.